viernes, 25 de octubre de 2013

GURE IKASLEAK KONPETENTE DIGITALAK ?

Funtsean, konpetentzia digitalak baliabide teknologikoen erabilera eraginkorra dakar, bizitzan topatuko arazo errealei irtenbidea ematerako orduan. Alabaina, ohartu gaitezen, teknologiaren erabilpen eraginkorrak jokaera etiko zuzena eskatzen digula: pertsona arduratsuak eta kritikoak behar dugu izan bai informazioaren trataeran baita gailuen erabileran ere.
Bistan da egokitu zaigun aro digital berri honetan, aurrera jotzeko, ezinbestekoa dela konpetentzia digitala, eta gehiago esan behar dugu, ikasten ikasteko konpetentzia zein autonomia eta ekimenerako konpetentziekin batera, berebiziko garrantzia izango duela norberaren bizialdi osoko ikaskuntzan. Izan ere, zeharkako hainbat gaitasun indartzen ditu konpetentzia digitalak: elkarlana, sormena, berrikuntza, pentsamendu kritikoagainontzeko zazpi konpetentzien garapena errazte aldera.
Haratago joanda, internet-en errotutako zibilizazio aldaketa honetan, ikasleek gaitasun digitalak eskuratu ezean pertsona analfabetoak  gertatuko dira, garai batean irakurtzen-idazten ez zekitenekin gertatu bezala. Izan ere, konpetentzia digitalak, komunikatzen, ikasten, jakintza sortzen ... laguntzeaz gain, ezinbesteko bihurtuko zaizkigu herritarron parte-hartze eta jabekuntza prozesuetan, erronka sozialei aurre egitearren (aipatu, 15M mugimendu gogoangarria). 

Hortaz, nola gauzatu dezakegu ikasgeletan gure ikasleen konpetentzia digitalen garapena? Motxila digitalak emanez ikasle konpetenteak lortuko ditugulakoan al zaude?

Ikusi bideoa eta zabaldu eztabaida ...


4 comentarios:

  1. Bat nator irakurritakoarekin.
    Irakasleok erronka handia daukagu gure eskuetan, ikasleak gaitasun digitalean trebatu behar ditugu, baina motxila digitala ematen , nire ustez ez dugu lortuko. "Tresneria" gero eta gehiago dago, aplikazioak, baliabideak,...baina haurrek erabiltzen dute?, badakite zer egin? zertarako erabiltzen dute?... Agian metodologiari buruz hitz egiten hasi behar gara

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Ados, Itziar. Halere, 2013an holakoei buruz berba egin beharra... A ze atzerapena! Ikasleen eta irakasleen arteko aldea ez da adinak dakarrena. Amildegia dagoena! Tristeagoa da, halere, etxetik ez dakarrena trebezia edo teknologietan kontaktua izateko aukera ez daukanaren patua: horrentzako etorkizunik ez. (non da ekitatea?)

      Hala diñot eta hala, tamalez, badelakoan nago.

      Erronkak?: METODOLOGIA, Irakasleen eta ikasleen ERROLA, izakera profesionalean (HUMILAK izan: ez dakigu dena, ez dugu zertan dena jakin behar eta... ikasleengandik ere ikas daiteke... eta asko)

      Bestalde, irakasleen profil digitala, PLE... zer esango dizut zuk funtsez ez dakizuna...

      Azkenik, IKASTETXEAri dogokiona (erakundelez): iraganera joateko egiten diren saiakerak (eta ez arlo honetan bakarrik) ekidin, gelditu egin beharra; ulertu behar dira diren bezalakoak: beldurra, ziurtasun eza... Ez diezaiogun horri eman benetako argudio izateko aukerarik, deserosotasuna adierazteko era baizik

      Eliminar
  2. Guztiz ados nago goiko artikuluarekin, baina bideoan planteatzen diren aukerak sakontasunez aztertu behar ditugu irakasleok gure barnean, gure profesionaltasun ikuspegitik.
    Une honetan ez gaude prest eredu digitala bakarrik erabiltzeko, are gehiago, uste dut ez dela komenigarria bata ala bestea aukeratzea. Biak beharrezkoak dira, baina sortzen zaidan zalantza irakasleon beharretan datza. Benetan, guztiok edo gehienok, behintzat, holako tresnak erabiltzeko beharra sentitzen dugu?
    Susmatzen dut erantzuna ezezkoa dela. Urteak eta urteak pasatu ditugu arlo honetan emandako prestakuntza jasotzen, oso ikastaro interesgarriak eman dira Berritzeguneetan, hala ere, irakasle askok ez dute tren hau hartu, benetako beharra ez baitute.
    Tresna digitalak modu egokian ikasleekin lan egiteko beste motatako planifikazioa eskatzen digu, azken batean, pentsatzeko beste modu bat eta denbora gehiago etxean prestatzeko. Badugu behar den ilusioa horrela egiteko?
    Batzuk, behintzat bai, baina irakasleen arteko zulo digitala kontuan hartu behar dugu eta norbaitek derrigortu behar digu oinarrizkoa izateko. Agian pasatu behar genuke "ITV" modukoa irakasle guztiok?.
    Horretan uzten dut nire zalantzak, azken batean hau ez da talde txiki baten lana, irakasle guztiona baizik.

    ResponderEliminar
  3. Zalantzak sortzen zaizkit ikusi esta entzundakoarekin... Bideoan agertzen dira batez ere edukinak. Heziketa berdina tresna ezberdinekin? Moldatu behar gara esta eguneratu baina teknologian bakarrik ez.

    ResponderEliminar